XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pelikula polita eta aktore onak

Un toque de infidelidad Estatu Batuak, 1989. Komedia / Zuzendaria: Joel Schumacher / Aktoreak: Isabella Rosellini, Ted Danson, Norma Aleandro / Aretoa: Astoria 2.

Duela urte gutxi, Estatu Batuetako zinegintza krisiak jota zegoela zirudienean, aspaldiko garai ospetsuetan egin zuen bezalaxe Europako zinegintzara zuzendu zituen begiak.

Eta, halaxe, zenbait europar zuzendari gazte Ameriketara joan zen: esaterako, Dorrie alemaniar emakumea eta Parker britainiarra.

Eta haiekin batera Puttman produktorea eta hainbat aktore ingeles.

Ondorengo fase batean, Europan arrakastatsuak izatea lortu zuten pelikulen eskubideak erosi zituzten, hauen bertsio bertakotuak egiten hasi zirelarik.

Batzuk berehala egin zituzten, Tres solteros y un biberón adibidez.

Un toque de infidelidad berregindako filme horietakoa da.

Jatorrizko bertsioa Frantzian egina da: Jean Ch. Tachelle-ren Cousin, cousine.

1975ko filme hau kandidatu izan zen Oscar-erako.

Oraingo bertsio honek lehengoaren elementu batzuk, leuntasuna eta planteamenduen begikotasuna, gordetzen ditu, baina bistan dago Hollywood-eko galbahetik pasatu dutela.

Schumacher ofizioa ondo ezagutzen duen zuzendaria da, jenialtasun gutxikoa hala ere.

Pelikula, hasieratik bukaerara kontrolatu du, produktu oso neurtua atera zaiolarik, nahiz pasarte batzuk oso kursi-ak diren.

Familia handi bateko partaideek bizi dituzten maitasun istorioak kontatzen ditu.

Badirudi etxe hortan ezkontzak ia-ia eguneroko kontu direla.

Batez ere lau pertsonaia eta euren amodioen bitartez, gaurko gizartearen alderdi bat erakusten digu, umorearekin gainera.

Protagonistetako bat saltzailea da, matxista eta artaburu hutsa gainera.

Haren ondoan, beste emakume bat, bere buruarekin batere segurantzariarik gabea.

Horiezaz gain, bizitza zer den ondo aski dakien parrandazalea.

Dena den, benetako protagonista nagusia beste bat da, Isabella Rosellini aktoresa bikainak interpretatua.

Infideltasun eta zintzotasun istorioak dira: infideltasun eta zintzotasun hauetako batzuk fisikoak dira eta beste batzuk afektiboak.

Gezur haundi eta txikiak agertzen zaizkigu, txistez beteak, modu garratzaz begiratuak beti ere.

Zuzendariak oso pelikula gustagarria burutu du.

Erritmoa ere ona du.

Aktoreek oso ondo lan egiten dute.

Eta bukaera zoriontsua da gainera.

Ez da zinegintzaren historiara pasako ezta 1989ko historiara ere, baina pozik utziko du jendea.